miércoles, 30 de enero de 2008

Arreba Kattalinen papera

boomp3.com
Jakin nuen, bere hiletetara joan nintzen egun berean, ohizkoa zuen amantala grisaren (moja adeitsu hark zeuzkan begi maitagarriekin bat egiten zuena) poltsikoetan denborak eta eskuek zimurtu eta erdi izorraturiko papertxo bat aurkitu zutela. Kostatu zitzaidan bertan iskribatutakoa ulertzea, ezen hitz batzuk idazlumaren tintaren kolore urdin urtua guztiz galduta baitzuten. Emango dizuedan poeman ez nintzateke zerbait nik asmatua ez denik zin egitera ausartuko. Bizpairu minututan bakarrik eduki nuen eskuetan, nobizia galego lirain (oso lirain, ere) batek erakutsi zidan unetik bere nagusia azaldu zen arte. Egun jagoleen arduraduna daukaten arreba gizen eta serioaren izaerak ez dauka hain ondo hartzen ninduen nire sor Kattalin kuttunaren jokaera delikatuarekin batere antzik eta ez zidan paper hura eramaten utzi. Berehala, hurbilen neukan paperezko edozeinetan traskribituz saiatu arren, ezin dut, lehen esan moduan, testuari traiziorik egin diodan ala ez ziurtatu. Hala balitz, barkatuko didazuelakoan:

Memoriaren opilari zuk sua eman,
urrrunekoa, Cuenca baino harantzagokoa,
bazara ere,
eta berriz joandako kea etorri,
ezten eztitsua,
ezen zu beti lehenengo bihotzeko erlea
izango baitzara, maitea.

1 comentario:

Arroyo dijo...

Traidorea zara eta horregatik dizut gorroto, memoriari beti hildakoen usain gozo enpalaguzkoa dariola baitakizu, usain laua, azenturik gabea.

Traidorea zara, zeren jakin baitakizu ez denaren eztena inoiz ez dela eztia eta erleek ez dutela bihotzik habitatzen.

Traidorea zara zuk ez baitzenuen sekula Sor Catalina ezagutu. Gogoan dut sanatorioko baratz idorrean okak zaintzen goizetik gauera. Oroimenean dut berau ispilutzeko idatzi nion poema laburra:

Okak, okak zaintzen zituen alkondara txuriarekin.
Okak, okak zaintzen zituen alkondara ilunarekin.


Traidorea eta bihozkabea zara,aurkitu zenuen paper horren berri emateagatik eta Castaños kalean inoiz ez delako zinemarik izan... kea bezain emakume errari bat baino ez.

Zinez gorrotatzen zaitut nire memoria delako denborak eta zure eskuek zimurtu eta izorratu dutena.