viernes, 30 de noviembre de 2007

EGUNEROKO SEI OLERKI TRISTE BAINO TRISTEAGOAK ETA IGANDEKO PAVANA BAT

1.
Bai, plaza honetan
udaberriak behar zuen egon
eguzkia eta zuhaitzen
gainetik.
Edo, agian, nire begiek
behar lukete
beste itxaropen batekoak izan.
Gaur, urtemugak hotzak daude.

2.
Hitzok, askotan,
ene itxura hartzen dutela
ulertu ohi dut,
taupadaka dihardute
harrokeriak eta harriak
ahantzi nahian edo...
harriek
berriro galduko ez zaitudan
ilargietan
pisatu egiten dute.
Heriotz honetaraino ere
ausarta izan naiz, ausart...

3.
Orain ahanztura dotorez
landaturiko harkaitzean jezarrita
egunari so egingo diot,
etsipen iragankorrezko begiez.
Eta tristura erraldoi honi zera
adieraziko diot:
‘Bai, lehengo egunetik izango dugu euria,
baina hauts guzti honek
goiz batean
beste harkaitz bat osatuko du’
Amets bat izan zuen ezjakintzat nauzue, agian,
baina bidea topatzeko gai naiz
eta haren ixiltasunean
zeozer aditzekoa ere...

4.
Ezdakit zenbat negar egiten duzun,
ezta aingeruren batek zure odola argitzen duenik.
Ongi dakit, ostera, oraindik
ilunpetan egoskor dirauten
hitzetan abesten duzula,
eta badakit ere
zure gorrotoaz ezer ez jakiteak
mintzen nauela,
nola beste zoritzar baten
lau sonetoak hiltzen zabiltzanentz
berririk ez izateak
zirikatzen nauen bezala.
Une honetan aforismo hutsa naiz
eta ezpainak zimelagoak ditut.

5.
Apirila da. Elur honek harritzen nau.
Elurrak intxaur guztiak estaliz,
Elurrak...
Ezta gerezirik ere elurra zapaltzeko,
urrutitik uso desiratien begiez
ikusteko gerezirik ez.
Hara, bapatean, barnean
‘aintzina’ hitza jaiotzen zait,
kanioi moduan,
nire olerkiak bonbardatzen.
Apirila da. Eta elurra.
Beleak pixkat haruntzago
gosal dezatela
eta gidatzen nauen arnasaren
oiartzuna lagun bakarra dudala
paseatzen irtetzea
baino ez dut lortu...

6.
Gauzen barruan gaude,
ernetuko diren loreak bezala,
muxuen osteko
kopetan margoturik daramatzazun
izarrak bezala.
Begira zauden ibaiaren bizia
elurretik garira doa
eta, sinestu ezazu,
glaziar batek
desegin zuen mendia
arnasten ari zara.
Ezin diogu, agian,
zoriona esan,
baina baliteke
errota zahar bateko
harri abaildua etengabe jiraka,
jo ta ke,
buelta ta buelta ibiltzea
letra hauek alaituko dituen
melodia sortzen...


PAVANA
Hau egiteko gai izango naizela
aldarrikatzen dut:
Izarak jaso,
eta, soina biluzik,
balkoian
eguna agurtu.
Ikusiko ditudan
hodei eder guztiak
nire zigarroaren puntara
erakarriko ditut,
goxo goxo erreko dut nire bakardadea,
ama zenak oparitutako landare loretsuak
ureztatuko ditut,
edan egingo dut, ura ere,
txistu egingo dut, handik, goitik,
espaloiko baldosa jakin batean
asmatzen saiatuz.
Ez dut otoi egiteko beharrik izango,
bizitza jazarlea dut jadanik...

No hay comentarios: